Garden eta Larran agertu aztarnak aztertzen ari dira; baliteke bertze
hartz bat edo bi egotea Erronkarin
Bertze hartz bat
egotea baliteke. Camille ez den bertze hartz bat. Edo bi. Hori da Nafarroan
aurkitu dituzten azken aztarnek mahai gainean jarri duten errealitate
berria. Nafarroako Ingurumen Departamentuko kideek arrastoak bildu dituzte
(ileak eta gorotzak), eta aztertzen ari dira, animaliak identifikatu
ahal izateko.
Garden (Erronkari)
aurkitu dituzte arrasto horietako hainbat. Hau da, Camille-k orain arte
bizitoki izan duen eremuaren barruan. Horrek hainbat hipotesi jartzen
du mahai gainean, hartzek ez baitute espazio bera partekatzen, alta
garaian ez bada. Batetik, baliteke azken urteotan Nafarroako Pirinioetan
bizi izan den hartz bakarra hil izana. 24 urte inguru izanen lituzke
une honetan, eta hori anitz da hartz batentzat. Hala ere, Camille-k
osasun bikaina duela erakutsi du orain arte, eta adituek ez dute baztertzen,
benetan Gardekoa bertze hartz bat bada, Camille handik mendebalderago
mugitu izana.
Gardekoa bertze
hartz bat dela uste du Ingurumen Departamentuak. Eta hori uste du, ikusi
ahal izan dutelako basozainek. Halaxe azaldu du Fernando Hualde izabarrak,
azken hamarkadetan hartzaren jarraipena egin duten adituetako batek.
Hartzak egunez lo egiteko prestatutako hainbat ohatze aurkitu dituzte
Garden. Erronkariko basozaina izan zen haiek ikusten lehena, joan den
astean. Ingurumen Departamentuko arduradunei abisua eman, eta bertze
hainbat joan ziren tokia aztertzera. Lan horretan ari zirela, animalia
agertu zitzaien. Hasieran basurdea zela pentsatu zuten, baina hurbildu,
eta argi eta garbi ikusi zuten hartza zela. Ile argia omen du, eta handia
da. Basozainak han zirela ohartu zenean, hartzak lasai alde egin zuen
tokitik, inolako keinurik egin gabe.
Gardekoak ez dira
Erronkarin agertu diren arrasto bakarrak. Hualdek jakinarazi duenez,
Larra eta Ukerdi inguruan ere aurkitu dituzte. Horregatik, hartz bakarra
edo bi ote dauden aztertzen ari dira adituak. Jasotako aztarnen analisi
genetikoak egin arte ezin izanen da ziurtatu aurkitu dituzten arrasto
horiek norenak diren. Berria, hala ere, laster zabaldu da Erronkariko
herritarren artean, eta denen ahotan dago gaia.
"ASPE" EDO "NERE".
Azterketa genetikoek baino ezin izanen dute erabat zehaztu arrastoak
norenak diren, baina baliteke Nafarroan agertu den hartza, edo hartzak,
Aspe edo Nere izatea. Camille-rekin batera, Pirinioetako mendebaldean
bizi diren hartzetako bi dira horiek. Aspe bertako hartza da; Nere,
berriz, Pirinioetan jaioa da, baina Esloveniakoa du jatorria. Handik
Pirinioetara eraman zuten Ziba hartz emearen semea da, eta 11 urte ditu.
Aspe, berriz, animalia helduagoa da. Orain arte izena eman dion Biarnoko
(Frantzia) esparru horretan mugitu da, baina, azken hilabeteotan, agertu
izan dira haren arrastoak Nafarroako lurretatik gertu.
Adituek beti pentsatu
izan dute Camille hiltzen zen unean bertze hartz batek hartuko zuela
animalia horrek 1997. urtetik Nafarroan zapaldu duen lurra. Urte horretan
ailegatu zen Camille herrialdera, Aspetik. Hurrengo urtean, ehunka ardi
akabatu zituen hartzak, eta herritarrak animalia han zela ohartu ziren.
Une hartan, zalaparta
handia sortu zuten animaliaren erasoek. Baina eztabaida baretuz joan
da azken urteotan. Nafarroako Gobernuak diruz lagundu ditu Camille-ren
erasoak pairatu dituzten abeltzainak. Hartza mugitzen den esparruan
animaliak dituztenek ere, erasoak izan edo ez, badute diru laguntza.
Hori Nafarroan baino ez da gertatzen.
2006. urtean hasierako
tirabirak berriz hasi ziren Pirinioetan, Frantziako Gobernuak bost urtean
hamabost hartz sartuko zituela iragarri zuenean. Hasierako asmo horietan
atzera egin zuen Frantziak, eta, oraingoz, bost hartz baino ez ditu
eraman Pirinioetara Esloveniatik. Proiektuari segida emateko aukera
aztertzen ari da une honetan Frantziako Ekologia Ministerioa. 2006an
sartu zituzten bost hartz horietako hiru baino ez daude bizirik. Palouma
amilduta hil zen, eta, Franska, berriz, bi autok harrapatu zuten iazko
udan.
Esloveniatik ekarritako
bertze hartz batek, Hvala-k, bi kume izan zituen iazko neguan, Pollen
eta Bambou, eta duela hilabete gutxi analisi genetikoek baieztatu zuten
bi kumeak emeak direla. Berri ona da hori. Pirinioetako mendebaldeko
hartzen gunean, adibidez, emerik ez dago. Cannelle zen azkena, eta Rene
Marqueze ehiztariak hil zuen 2004. urteko azaroaren 1ean.
Martxoan epaiketa
egin zioten ehiztariari, eta hil honen 21ean jakinaraziko du epaileak
sententzia. Fiskalak Marqueze errugabe jotzeko eskatu du, hartza bere
burua babesteko hil zuelakoan. Basurdea harrapatzeko uxaldian akabatu
zuen ehiztariak Cannelle. Hartza han zela bazekien ehiztariak, ordea,
bai eta harekin ziren bertze lagunek ere. Hala ere, uxaldia ez zuten
bertan behera utzi.
Cannelle-k kume
bat zuen hil zutenean, Cannellito. Nere da hartz gazte horren aita,
hain zuzen ere, analisi genetikoek agerian utzi zutenez.
Autor
: e. elizondo
Source : BERRIA-Edizio
Digitala 2008ko apirilak 10